XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

2. Historia haziz doan totalitate progresista bezala ulertzen duen pentsakera.

3. Sujetua, gauzei, historiari eta abarri zentzua emateko gai litzatekeen printzipioa.

4. Humanismoaren mistifikazioa.

Jainkoari zerua lapurtu eta gizona jainko egiten duen antropoteologiarentzat, humanismoarentzat, oso gogorra da Benoist.

Eta sujetuaren eta humanismoaren aztarnak bilatzeko obsesioz egindako liburua da honoko hau.

Ez du dudarik egiten.

Pentsamolde berrian sartu gara.

Zientziek, historiak, etnologiak, psikologiak, biologiak, matematikek, fisikak, astronomiak, bakoitzak bere ikuspegitik, humanismoaren gezurra salatu dute.

Delako sujetu horren hipotesiarekin abiatu ziren jakintza denak, eta inon ez dute aurkitu.

Eta aurkitzerik ez dagoela idoro dute.

Gaurko zientzien pentsamolde berriari dagokion filosofia, estrukturalismoa da.

Estrukturalismoak marxismoa ere metafisikaren zakuan sartzen du.

(Gogora Marx est mort).

Althusser-en saioan garbi asko azaltzen denez.

Marxismoa pentsamolde zaharra da.

Parmenideren eta Platon-en umea.

Eta kontradikzioaren eta gainegitura-azpiegituraren interpretapen estrukturala, antihumanista eta antihistorizista egiten hasi ordukoxe, kontzeptu metafisiko horiek eskutan lehertu zaizkio Althusser-i.

Logos dialektikoa, logos metafisikoaren ahaidea da.

Marx-ek ez dauka salbaziorik.

Estrukturalismoak dioenez, Jainkoaren ordez ez da gizona jarri behar.

Ez dago Jainkorik; ez eta gizonik.

Estrukturak daude.

Finalismoaren eta sujetuaren ukazio den estrukturak ezin du onartu Chomsky-ren tesirik.

Honek hizkuntza guztien estrukturen desberdintasunen azpitik, batasuna, gizonaren pentsamenduaren berdintasun harrigarria ikusten du.

Eta hori esplikatzeko, gizonari berezko zaion estruktura innatoa ametitzen du.

Benoist-entzat, Chomsky-ren tesiak, enpirismo eta behaviorismo positibistaren kontrako saio bezala biziki interesgarri badira ere, estrukturaren inneismoarekin eta unibertsaltasun horren hipotesiarekin esentzialismo metafisiko kartesianoruntz labaintzen dira.

Iraultza estrukturalarentzat ez dago inolako naturarik.

Giza natura eta biziduna sare estrukturalen bariazio eta aldaketa besterik ez dira.

Estrukturalista izate hori nonbait ez da gauza samurra.

Antimetafisikorik amorratuenari ere etxera sartzen zaio etsaia, gutxien uste duenean.

Horrelako zerbait gertatzen zaio Monod biologo estrukturalista ospetsuari, eta, ikusiko dugunez, Lévi-Strauss-i, estrukturalismoaren guraso eta fundatzaileari berari.